Bere izena, Jesus. Ezagutzen al duk/n?



Hona hemen gazteekin egindako SOLASEAN izeneko Lehen Topaketan Nazareteko Jesusen pertsonari eta bere mezuari buruz aurkeztuko ideia ardatzak. Ondoren aurkezten diren lerro hauetan ez dira agortzen Jesusen baitan gorderik dagoen Misterioaren alderdi guztiak, ezta gutxiagorik ere. Beste solasaldi batzuk beharko dira hainbat eta hainbat gai jorratu eta sakontzeko.

SARRERA


Nazareteko Jesus. Nor da? Zer nahi zuen, zer defenditu? Zergatik ez da ahaztu bere izena? Seguru asko ez da beste inor jendearen bihotzak hainbeste harrapatu dituenik. Inor ere ez. Beste inork ez du Jainkoaren halako esperientzia sanorik adierazi. Behar bada beste inork ez du azaldu Jainkoaren aurpegi xamurra berak agertu zuen bezala. Beste inor ez zaio gerturatu gizakiaren minari berak egin zuen bezala: errai-erraietatik eta erro-erroetaraino. Hain hurbil ez da besterik egon. Beste inork ez du hainbeste itxaropen piztu.
Bi mila urteko aldea dago bere eta gure artean, baina Jesusen pertsonak eta bere mezuak gaur egun ere gizon eta emakume asko erakartzen ditu. Gaur krisian daude filosofiak eta ideologiak, erlijioak eta elizak, kultuak eta liturgiak. Baina Jesus ez. Jesus ez dago krisiak jota. Gure artean asko dira Elizatik aldendu direnak baina Jesus maite dute, Jesus ez dute ahaztu.
Ikerlari agnostikoek, historialari ateoek, kristau ez direnak, zera diote: Jesusen jabe ezin dutela kristauek bakarrik izan. Jesus gizadiaren ondare da, giza historiak eman duen onena, gizadiak goia jo du Jesusekin. Zer egin dezakegu Euskal Herrian Jesusekin? Zer egin dezakezue gazteok? Alde batera utzi? Ahaztu betirako? Ala, haren arnasa berpiztu gure bihotzean, gaurkotu eta berritu haren Berri Ona gure artean?
Konbentzitua nago Nazareteko Jesus paregabeko indarra eta bultzada izan daitekeela gure gizartearen baitan bizimodu berri eta osasungarriak asmatzeko, izan ere gehiegitan bilatzen baita ongizatea izpiritua itoz, zoriona hondatuz eta gehien sufritzen dutenak ahaztuz. Hauxe da solaserako hartuko dugun Jesus, berari buruz ariko gara galde eta erantzun, elkarrizketan. Gau honetan Jesusi buruz ariko gara solasean.


I. JESUSEK BIZIA MAITE

Jesusi buruzko lehen idazki ezagunak (70. urtea) gisa honetan laburtzen du bere mezua: «Jainkoaren Erreinua hurbil da. Aldatu pentsaera eta sinetsi Berri On hau». Ikerlari guztiek uste dute Jesusek «Jainkoaren Erreinua» (malkutá d’alaha) deitzen duen hau dela bere mezuaren muina, bere bizitzaren irrika, bera hiltzeko arrazoia. Jainkoaren Erreinua: horixe izan zen, zalantzarik gabe, Jesusen ardatza eta helburua. Horretarako bizi izan zen eta horregatik hil zuten.
Harritzekoa dena, zera da: Jesusek ez du inoiz azaltzen zertan datzan Jainkoaren Erreinua. Egiten duena da Jainkoa nolakoa den iradoki, sujeritu eta nolakoa izango litzatekeen mundua Jainkoak bezala jokatuko zukeen jenderik balego. Esan dezakegu «Jainkoaren Erreinua» zera dela: Jainkoak nahi duen bezala eraikitako bizitza. Jainkoak oraintxe hasita amesten duen mundua. Hauxe zen Jesusi gorputz eta arima, buru eta bihotz eragin ziona: Nolakoa izango litzateke bizitza jendeak Jainkoaren antz handiagoa balu? Horra zer den Jesusentzat Jainkoaren Erreinua. Horixe izan zen Jesusek bere barruan zeraman kezka: Nolako mundua izango litzateke gizakion jarrera Jainkoaren antzekoa izango balitz?
«Jainkoaren Erreinua» ez da beste erlijio bat. Erlijio ororen sinesteak, aginduak eta erritoak baino askoz harantzago doa. Jainkoaren esperientzia berri bat da. Eta gauzak ikusteko eta mundua eraikitzeko era berri bat. Horregatik, Jesus ez zen ibili erlijiorik antolatzen, ez zuen libururik idatzi, ez zuen egin Jainkoari buruzko doktrina zehatzago bat, ez zen arduratu Jerusalemgo tenpluko liturgia eta sakrifizioak eraberritzeaz. Berak guztiontzako bizitza duinagoa, osasuntsuagoa eta zoriontsuagoa bilatzeari ekin zion bete-betean, hori baita Jainkoaren nahia. Hori izan zen bere helburua eta horretan saiatu zen buru-belarri, hil zuten arte: «Ni –zioen– denok bizia, eta bizia ugari gainera, izan dezaten etorri naiz» (Jn 10,10).
Beraz, Jesusen lehen kezka ez zen izan bekatua, legea edo morala, baizik eta jendearen sufrimendua. Joan Bataiatzailea beste zerbaitetan zebilen: gizartearen ustelkeriak kezkatzen zuen eta bekatua salatzen ibili zen, penitentziara dei egiten eta Jordan ibaira inguratzen zirenak errito handi batez garbitzen. Bataiatzaileak ez du gaixo bakar bat ere sendatzen, ez ditu legenardunak ukitzen, ez ditu haurrak laztantzen, ez da etsipenak jotako gizon-emakumeengana hurbiltzen. Jesus bai. Bere lehen kezka jendea sendatzea da, sufrimendua arintzea, beldurra kentzea, baztertuei duintasuna itzultzea, erruduntasunetik askatzea, Jainkoak ukaturik eta bazterturik sentitzen zirenei Harenganako konfiantza piztea.
Ikerlari batek baino gehiagoren arabera, Jesus ez zen izan berez beste erlijio baten sortzailea baizik eta bizitza osatzea eta pertsonak sendatzea helburutzat zeukan mugimendu terapeutiko baten bultzatzailea. Jesusek Jainkoaren salbamena eskaintzen du pertsonen baitan osasuna sustraituz. Hori izan zen Jesus: bizi berri baten sortzaile, itxaropen berri baten suspertzaile. Ebanjelio batean, hitz hauek jartzen dira Jesusen ahotan –ez dira Jesusenak, baina oso ondo adierazten dute zer izan zen Jesus ezagutu zutenentzat: «Ni naiz bidea, egia eta bizia» (Jn 14,6). Ni naiz bizia berritzeko bidea; ni naiz biziaren egia; ni, benetako bizia. 


II. JESUS AZKENENGOEN ALDE

Jesusek 18 urte zituen Tiberio Erromako enperadore egin zutenean. Galileako jendeak ondo asko zekien, ondo asko zekienez, zer zen Erromak eraikitako «inperio» bat. Urte asko zeramatzaten (Ponpeio, 63 K.a.) erromatarren krudelkeriak eta Herodestarren nahiz agintarien esplotazioa jasaten. Zesar Augusto edo Tiberio; Herodes Handia edo bere seme Antipas. Beti gauza bera: jauregi ederrak Jerusalem, Seforis edo Tiberiadesen, eta miseria herrixketan; aberastasuna eta handikeria lur sail zabalen jabeen artean, eta zorra, lurren galera eta gosea nekazarien artean. Jesusen garaian ugaritu egin ziren eskaleak, etxegabeak, ihes egindako esklabuak, bide-lapurrak... Betikoa. Behin honela esan zuen Jesusek: «Dakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dituzte herriak eta beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar» (Mt 20, 25-26).
Zer egin zezakeen Jesusek? Ez zuen botere politikorik; ez zeukan armadarik ez armarik; ez zeukan aginte erlijiosorik ez inolako aginpiderik. Ez zen apaiza ez eskriba. Ez zen inor. Nazareteko langile xume bat zen. Bere lurrak galdu zituen familia batean jaio zena. Jendearen sufrimenduak min egiten zion gizona. Basamortura alde egin zuen, Jainkoaren esperientzia bat bizi izan zuen, gaur «birreraiki» ezin duguna, eta Galileara itzuli zen mintzo ezezagun bat ahotan: Tiberioren inperiotik «atera» egin behar da, zerga-ordainak, aberastasuna eta boterea besterik ez du bilatzen eta. «Jainkoaren Erreinuan» sartu behar da, guztiontzako bizitza duin bat nahi duen Jainkoaren Erreinuan. Bazter-bazterrean eta humilia-humiliaturik daudenei justizia eginez hasi behar da.
Gizartearen azken mailetan zeudenengana jaitsi zen eta haietako bat egin zen. Ez ziren behartsuak (Galileako %93a). Ezertxo ere ez zeukatenak ziren, bizitzeko juxtu-juxtukoa ere ez zeukatenak. Gehienak eskaleak, etxegabeak. Hauek ez dakite zer den haragia edo gari-ogia jatea. Zarpailak soinean eta ia beti oinutsik ibiltzen dira. Hauen artean badira lan finkorik ez duten jornalariak, zorren kobratzaileetatik ihes egindako nekazariak. Asko emakumeak dira: berriro ezkontzerik izan ez duten alargunak, beren senarrek utzitako emazte antzuak, beren haurrei jaten emateko bezeroak bilatzen zituzten herrietako prostitutak. Denek bi ezaugarri dituzte: miseriaren atzaparretatik ezin izango dira libratu. Bakarrik daude, beren alde egingo duen inor gabe. «Soberakina» dira (Lenski). Etorkizunik gabeko bizitzak. Hauen artean hasi zen bizitzen Jesus. Etxea eta lana utzi, senideak ahaztu eta hauekin identifikatu zen. Aurrerantzean, hauexek osatuko dute bere familia berria.
Jesusek ezin zien dirurik eman, ezta bitarteko materialik ere. Ondoan hartzen zituen, defenditu egiten zituen, sendatu, beren seme-alabak laztantzen zituen, baina batez ere, berena zuten duintasuna itzultzen zien. «Zorionekoak zuek, ezer ez duzuenok, zuek Jainkoa baituzue errege. Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzarete. Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue» (Lk 6, 20-21). Zorionekoak orain malkotan zaudetenok, barre egingo baituzue. Ez da iseka. Ez da zinismoa.
Jesus behin betiko den zerbait ari da gizadian txertatzen: inork nahi ez dituenak, Jainkoak nahi ditu; bidegabekeriazko gizarte batean sobran daudenak, bere bihotzaren erdi-erdian dauzka Jainkoak. Honek huts-hutsik ez du gosea konpontzen, ez du jendearen miseria bukarazten, baina lurbira osoan den-denek jakin behar dute Jainkoaren seme-alaba kutunak direla, bere maite-maiteak. Ez inoiz eta ez inon ez da eraikiko bizitza Jainkoak nahi bezala, azkenekoak miseriatik askatu ezean. Jainkoak ez du inolako erlijiorik bedeinkatuko, azkenekoentzako zuzentasuna ereiten eta eragiten ez badu, berentzako bizitza duinago, osasuntsuago eta zoriontsuago baten alde lan egiten ez badu.


III. JESUSEK MUNDU BERRI BAT AMETS

Jesusek ez zuen bere garaiko kultura konbentzionala onartu. Ez zituen besoak tolestu. Altxa egin zen gizakiari sufriarazten zion bidegabekeriaren aurrean. Ez zuen onartu tradizioak bezatuta bizitzea. Ez zen bizi izan politika eta erlijioaren arabera ondo zegoenari men eginez. Ez zen arduratu seguru bizitzeaz, legearen gerizpean. Erromako Inperioaren mugetatik eta ohiko erlijioaren eskemetatik «ateratzen» ausartu zen. Mundu berri bat eraiki behar da eta, horretarako, mundu zaharra eraitsi behar da. Jainkoaren Erreinuan «sartu» behar da eta, horretarako, beste erreinuetatik «atera» behar da eta morroi bihurtzen gaituzten beste idoloak gurtzeari utzi. Mundu berri bat, beraz. Nolakoa? Gizarte berri bat, norentzat? Erlijio berri bat, zertarako? Posible al da? Amets bat al da? Zer mundu berri bultzatzen zuen? Hara Jesusek zer pentsatzen zuen eta zer bultzatzen zuen.
Hiru ezaugarri aletuko ditut:
1. Mundua azkenekoei begira jarri. Hori da lehen oinarria. Jesusek gizarteko behartsuenak eta ahulenak, babesgabeenak, defenditu zituen. Honetan ez dago ezer berririk. Beste askok ere egin dute hori bera. Bai Jesusen aurretik, bai ondoren. Miresgarriena zera da: Jesusek, behartsuen gainetik ez zuen beste ezer maite izan, ezta erlijioa ere, ez legea, ez bere herriaren segurtasuna, ez kultura tradizionala... ezta bere bizitza ere. Dena pobreei begira jarri behar da, sufritzen ari direnei begira: kulturak eta politikak, erlijioak eta elizak, herriak eta pertsonak. Ez dago giza aurrerapenik, ez kultura duinik, ez dago demokraziarik, ez ongizaterik, ez dago Jesusen Elizarik, ez nazioarteko ordenu berririk, ez dago giza eskubideen aitortzarik, ez dago ezer gizakoitzat hartzerik azkenekoei begiratuz ez bada, beraientzat bizitza duin eta zoriontsu bat bilatuz ez bada.
2. Ez baztertu, baizik gure artean hartu eta elkarren artean banatu. Jesusen zeinurik eskandalagarriena zera izan zen: edozeinekin bazkaltzen zuela. Ez zuen inor baztertzen. Edozeinekin jartzen zen mahaian, baita bekatariekin ere, baita emagalduekin ere. Inoiz halakorik! Nola zitekeen profeta bat, «Jainkoaren gizon» bat, jende haren lagun izatea? Lotsagarria zen, ez zuen esaten zuek hor eta ni hemen, ez zuen distantziarik jartzen. Bakoitzak beratarrekin bazkaltzen du. Jesusek ez zuen inor botatzen mahaitik. Ez zen beharrezkoa santu izatea, ez erritoaren aginduzko garbitasuna gordetzea, ez emakume zintzoa izatea. Ez zen beharrezkoa eskuak garbitzea. Jesusek ez zuen inor kanporatzen. Jainkoak ez du inor kanpoan uzten: «Zeruetan dagoen zuen Aitak gaiztoentzat eta zintzoentzat ateratzen baitu bere eguzkia» (Mt 5,45). Jesusek mundu solidarioago bat zuen amets, senidetasuna eta berdintasuna nagusituz joango den mundu bat, inork inor baztertuko ez duen mundu bat, denak mahai berean eseri ahal izango diren mundu bat, jende orok Jainkoaren seme eta alaba izatearen duintasuna izango duen mundu bat.
3. Barkamenean sinetsi, barkamena hartu eta barkatzen jakin. Barkamena. Jesusek barkamenaren indarrean sinesten zuen. Barkamenik gabe ez dago mundu berririk. Ez dago bizitzerik. Bere mahaian esertzen ziren guztiei esaten zien: «Gizarteak baztertzen zaituztela ikusten duzuenean, jakizue Jainkoak hartzen zaituztela. Zuen ezereztasuna inork barkatzen ez dizuenean, senti ezazue zuengan Jainkoaren barkamen agortezina. Ez duzue merezi. Ez du inork merezi. Baina Jainkoa halakoxea da. Errukia eta barkamena. Horregatik, zuek ere, barkatu; ez gaitzetsi, ez epaitu, barkatu zuen etsaiei; barka, ez zazpi aldiz, zazpitan hamar aldiz baizik. Izan zaitezte originalak. Maita ezazue elkar; elkarri barka; barka zuen kontra dagoenari ere; barka, ez behin bakarrik, behin eta berriz baizik, barka orain eta gero, beti; maita itzazue zuen etsaiak ere. Mundu berri bat. Amets bat? Ezinezko mundu bat? Gure inguruan eta gure artean erein dezakegun mundu berri bat? Horra Jesusen erronka.

Jose Antonio Pagola

SOLASEAN-I (Donostia, 2005-III-5)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina